Pasaian (Gipuzkoa) jokatu dituzte gaur eguerdian ETE eta KAE1 ligetako bigarren jardunaldiak, eta Zarautz Arraun Elkarteko neska-mutilak bikain aritu dira gaur ere. Neskek bigarren bandera etxeratu dute, lehia ezin estuago bat jokatu ondoren San Juanekin. Pare-parean heldu dira helmugara, baina zarauztarrei 11:16:25 denbora eman diete, eta sanjuandarrei, berriz, 11:16:40.
Zarautz izan da bizkorrena estropadaren aurreneko zatian, baina lehenengo ziabogan akatsa egin, eta bentaja ia guztia galdu du. Hala ere, burua hotz mantendu, eta ez dute etsi. Hala adierazi dio ETB1i Nahikari Osa zarauztarren patroiak ere: "Oso estropada zaila izan da, baina burua erabiltzeko esan diet neskei, eta lehenengo ziaboga ona izan ez den arren, badakigu arraunean oso ondo egiten dugula, eta burua hotz mantendu dugu eta ez dugu etsi".
Hasiberri den denboraldiaren helburuez ere mintzatu da Osa: "Helburua play-offa jokatzea izango da. Badakigu zaila dela San Juan hor dagoelako, baina gu helburu horretara iristen saiatuko gara".
Gaurko estropadako sailkapenari dagokionez, Deusto izan da hirugarren (11:36.38), Kaiku laugarren (11:42.50), Ondarroa bosgarren (11:42.84), Portugalete seigarren (11:48.18), Hernani zazpigarren (11:54.97), Isuntza zortzigarren (11:55.93), eta Camargo, berriz, bederatzigarren (12:20.93).
Gizonezkoen estropadan, ohorezko txandan lehiatu da gaur Zarautz atzo lan bikaina egin eta bigarren postua lortuta. Arkote, Zumaia eta Santurtzirekin aritu da. Gaurkoan, ordea, sekulako borroka egon da txanda guztien artean, eta seigarren izan da sailkapenean. Estropada Santurtzik irabazi du gaur ere, baina bigarren eta laugarren postuetan ohorezko txandatik kanpoko bi talde gelditu dira: Lapurdik egin du bigarren denbora onena, eta San Pedrok, laugarrena. Hirugarren postua Arkoterentzat izan da, eta bosgarrena, Zumaiarentzat.
Zarautz oso fin hasi da lehian, eta bigarren ziaboga ederra egin du, esaterako. Ondoren, Arkoterekin eta Zumaiarekin lehia bizian aritu da, eta azkenera arte borrokatu du Enbatak.
Kalejira eta harrera
Denboraldiko aurreneko bi banderak etxeratuta, herritarrek eta Zarauzko Udalak harrera egingo die gaur nesken taldeari. 19:00etan jarri dute hitzordua. Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, kalejira egingo dute aurrena: San Frantzisko kalera joango dira, handik Kale Nagusira, gero Musika Plazara, Zigordia kalera, eta azkenik, udaletxera igoko dira, han udalaren aitortza jasotzeko.