Zarautz-Palestina herri ekimena: "Antzezpen hau izan dadila hildako eta desagertutako hainbeste pertsonen lekuko isila"

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 22a, 08:40

Atzoko giza kateko une bat. (Utzitakoa)

Atzo eguerdian herritar ugarik parte hartu zuen palestinar herriari elkartasuna adierazteko giza katean.

Zarautz-Palestina herri ekimenak deituta, herritar ugari elkartu zen atzo eguerdian herriko kaleetan Palestinari elkartasuna adierazi eta gerraren kontrako aldarria zabaltzeko. Herritarrak binaka jarri ziren giza kate luze bat osatzeko. Aurrean, hainbat emakumek Palestinako emakumeak irudikatu zituzten, buruan zapiak jantzita eta, eskuetan, izaretan bildutako gorpu txikiak hartuta.

Palestina gogoan, Zarautz doluan lelopean egin zuten protesta, eta amaieran, umeen gorpuak iruditkatzen zituzten izarak, loreak eta banderak utzi zituzten udaletxearen aurrean. 

Udaletxe aurrean utzi zituzten banderak, loreak eta zendutako haur palestinarrak irudikatzen dituzten izarak.

"Ezin dugu ahaztu Israel burutzen ari den sarraskia; triskantzak ez du etenik, eta etengabekoak dira erasoak. Antzezpen honekin testigantza dramatiko bat eman nahi izan dugu. Izan dadila hildako eta desagertutako hainbeste pertsonen lekuko isila", esan zuten antolatzaileek.

(Argazkiak eta bideoa: Zarautz-Palestina herri ekimena)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide
OSZAR »