Uda hasierarekin batera, Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketak bere egiten du Desertu Txikia bi asteburuz; ekainaren 28-29an haurren txanda izango da, eta uztailaren 5-6an helduena. Herriko eskubaloi taldeetako jokalariek eta jokalari ohiek antolatutako kirol egitasmoak erantzun bikaina izan ohi du, Zarautzen ez ezik, baita inguruko herriko zaleen artean ere. Horren erakusle da aurtengo edizioan ere izena eman duen talde kopuru handiak: 119 talde izan dira haurren txapelketan, eta 128 helduenean.
Haurren txapelketari dagokionez, benjaminak, kimuak , infantilak eta egokituak ariko dira lehian asteburu honetan. Sei joko eremu atonduko dituzte, urtero bezala, eta larunbat goizean, 09:30ean, hasiko dira partidak jokatzen, eremu guztietan aldi berean. Igande eguerdira arte, ligaxka moduko bat jokatuko dute multzotan banatuta, eta, ondoren, arratsalde partean, azken kanporaketak egingo dituzte finalera arte. Finaleko partidak 17:30ean eta 18:00etan jokatuko direla aurreikusi dute antolatzaileek.
Benjamin mailan 35 taldek eman dute izena aurten; hamabi nesken kategorian, eta 23 mutilenean. Azken horretan parte hartuko duten taldeen artean lau izango dira mistoak. Kimuen mailan, berriz, 39 taldek eman dute izena, orotara; hemeretzi neskenak dira, eta hogei mutilenak –horietatik bi mistoak–. Infantilen mailan, azkenik, 41 talde lehiatuko dira: 21 neskenak, eta hogei mutilenak, mistoa bakarra izanik. Bestalde, lau talde egokituk ere hartuko dute parte, bina A eta B kategorietan.