Jakin dugu Zarauzko Udalak udako hamabi udaltzain kontratatu dituela, eta denek ez dakitela euskaraz. Euskara Departamentutik hizkuntza-irizpideen inguruko saioa eskaini diete, eta horren ondoren, euskara ikasteko baliabideen gaineko informazioa bidali ere bai. Ikastaro labur bat ere emango omen zaie hizkuntza gaitasunean hobetzeko. Baina udaltzain hauen kontratazioa erabaki politikoa izan da hizkuntza beste maila batean utzita, eta orain datorrena dator.
Horren aurrean Zirikak ondorengo gogoetak egiten ditu:
- UEMAko herri batean ez da onargarria euskara ez dakiten udaltzainak kontratatzea.
- Gu ez gara hasiko, kontratatzeko sistemarik onena zein den eztabaidatzen. Garbi dagoena da, kontratua egiterako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako bi hizkuntzak jakin egin behar dituztela. Gero, alferrikakoa da. Berriro diogu, alferrikakoa da.
- Ez da sinesgarria udako etorri diren udaltzainek, uda-partean ikastaroak eginda, sasoi horretan bertan jendearekin hitz egiteko adina euskara ikasiko dutenik, orain arte ez badute inolako ahaleginik egin edo aukerarik izan.
- Binaka ibiliko dira, bata euskalduna eta bestea erdalduna nonbait. Herritar batek udaltzainekin liskarren bat badu, erdaldunak zer lekukotasun eman behar du gertatutakoaz? Nola lagundu dezake eztabaida bideratzen? Beti egongo da arrazoiren bat bikote idiliko hori ez sortzeko: txandak, guardiak, opor-egunak, bajak… Horrelakoak bizitakoak gara lehen ere.
Aurten herritarroi geratzen zaigun aukera bakarra udaltzainekin euskaraz egitea da, eta posible gertatzen ez denean, salatzea, udalean eta publikoan. Ez dadila beharrik izan!